Bizi-zikloei eta natur-zikloei lotutako euskal ohituren biziberritzea

ZER ETA NOLA OSPATU, HURA IZAN

Komunitate baten izaeraren emaitza da kultura. Giza talde horren mundu ikuskera, balioak, sinesmenak eta behar afektibo eta espiritualak biltzen ditu. OHITURAK dira, hizkuntzarekin batera, kultura baten adierazlerik nagusienak. Euskaran oinarritutako kultura berezitu eta propio bat konpartitzeak egiten gaitu herri eta elkarrekin konpartitzen ditugun gune sinboliko eta funtzionalak dira euskal herritarron ezaugarri nagusi.

OHITUREN BIZIBERRITZEA, ETORKIZUNEKO INBERTSIOA

Euskara da gure identitate komunitarioaren bereizgarri nagusiena: EUSKARAN GARA HERRI. Ohiturak berriz, nortasun komunitario horren funtsezko ezaugarri. Bizi irauteko, gurea bezalako esparru kultural minorizatuetan ezinbestekoa da usadio zaharrak garaian garaiko iruditeria sinboliko eta adierazleekin berriztatzea.

OHITURAK BIZIBERRITZEN egitasmoak usadio horietako batzuk gaurkotuz biziberritzea eta beste zenbaiten inguruko zabalkunde pedagogikoa egitea du helburu, funtsezkoa iruditzen baitzaigu transmisio lan hori euskaradunen herri komunitatea AKTIBATZEKO, KOHESIONATZEKO ETA ZURKAIZTEKO tresna gisa.

Helburu horrekin sortu dugu LH 5 eta 6 mailako haur eta gurasoentzat OHITURAK BIZIBERRITZEN unitate didaktikoa, non ATSOLORRAK eta GAU BELTZAK lanketa pedagogiko berezia duten.

Deskargatu unitate didaktikoa

EUSKAL OHITURAK: IZAKIA ETA NATURA ERDIGUNEAN

Ohiturek BIZI-ZIKLOETAN (igarotze erritoak) edo NATUR-ZIKLOETAN (Solstizioei/urtaroei lotutako erritoak) dituzte erroak.

Lehen multzoan kokatu ditzakegu ATSOLORRA (jaio berrien ongietorri komunitarioa), hainbat herritan AGATE DEUNAREN ospakizunaren inguruan herriko neska-mutilek nerabezarotik gazterako bidean egiten dituzten talai-altxatze, kantu erromesaldi eta dantzak, eta, hein batean, GAU BELTZA. Bigarren multzoan, berriz, IÑAUTERIAK, DONIBANE JAIA (San Juan) edo AKELARREA.

Batzuk zein besteek ezaugarri amankomunak dituzte: euskal herrian sustraitutako ospakizunak dira guztiak, euskara dute jatorrizko komunikazio-hizkuntza eta zaintza komunitarioa zein naturaren babesaren inguruan eraikiak daude.

Izan ere, erritoek betetzen duten funtzio soziala ez da makala: bizitza goratzen duten ekintza sinboliko gisa, arbasoekiko lotura sendotu eta identitate kolektiboa eta izaera egituratzen dute, indibiduoari helduleku afektibo bat eskainiaz. 

Babesleak

Laguntzailea

Identifikatu edukietara sartzeko

Taupako kidea zara?

logo_TAUPA
Pribatutasunaren laburpena

Webgune honek cookieak erabiltzen ditu, ahalik eta erabiltzaile esperientziarik onena eskaini ahal izateko. Cookieen informazioa zure nabigatzailean biltegiratzen da, eta hainbat funtzio betetzen ditu, hala nola gure webgunera itzultzen zarenean zu ezagutzea edo gure taldeari webguneko zein atal aurkitzen dituzun interesgarrienak eta erabilgarrienak ulertzen laguntzea.