Hizkuntzen biziberritzean kontakizun eta diskurtsoak aldatuz, egokituz, eguneratuz doaz.
Eta aurtengo Taupadan diskurtso horiek erdigunean jarri nahi izan ditugu. Biziberritzen ari diren Hego globaleko hizkuntza komunitate gutxituen BIHAR nazioarteko kongresuaren baitan kokatu dugu aurtengo jardunaldia.
Hortik jaio da Biharko Taupada.
Goiz beteko egitarauan, bi ekarpen jaso nahi izan ditugu, batez ere. Batetik, zein kontakizun berritzaile edo interesgarri egiten ari diren Hego globaleko hizkuntza gutxituak. Bihar kongresuaren baitan egin den ikerketa ekarri dugu, zeinetan 70 hizkuntza komunitate inguruko diskurtsoak aztertu diren ikuspuntu intersekzional batetik. Ikerketa hori Euskal Herriko mugimendu eta eragile ezberdinekin partekatu dugu 2026ko udaberrian zehar, eta gogoeta saio horietan jasotako lehen emaitzak ere ekarri ditugu Biharko Taupadara. Bertaratutakoek ikerketa ezagutu eta sozializazio fasean egindako hausnarketa saioetatik jasotako lehenengo ondorioak entzuteko aukera izan dute. Baina honi buruzko guztiak, iraileko Kongresuan aurkeztuko ditugu jendaurrean.
Bestetik, ikuspegi intersekzionala aintzat hartuz, entzun dugu nola josi ditzakegun hizkuntzaren inguruko kontakizunak antiarrazismo, feminismo eta ekologismotik datozenekin. Zer ikas dezakegu mugimendu ezberdinetatik? Nondik elikatzen ditugu diskurtso horiek? Zerk balio dezake euskararen biziberritzerako? Hitzartzeak eta solasaldia dituzue hemen ikusgai.
Julene Samuel eta Manuel Moreno (Taupa)
Leo Bueriberi gasteiztarra (1998). Artista eta komunikatzailea da.
Herri Mugimenduko militante feminista eta antiarrazista da eta bakarrizketatzaile, musikazale eta DJ bezala ere aritzen da.
1999an Getxon jaioa. Ofizioz politologoa eta ikerlaria da EHUn, Ekopol ikerketa taldean, eta, gaur egun, ERCren S-OIL proiektuan ari da lanean. Afizioz musikaria, irakurlea eta bideojokolaria. Eta, konbikzioz, eragile soziopolitiko zein kultural ezberdinetako kidea da, batik bat, mugimendu ekologistan eta Getxoko kultur elkartegintzan egin ditu bere ekarpenak, baita gazte mugimenduan ere.
Euskal Filologian lizentziatua eta Soziologia, Antropologia eta Gizarte eta Kultur Geografian (EHU, 2020) doktorea da Miren Artetxe (1985, Lasarte-Oria). Gaur egun, Euskal Herriko Unibertsitateko Hizkuntza eta Literaturaren Didaktika Saileko irakaslea eta NOR Ikerketa Taldeko kidea da. Euskal Herriko hizkuntza-praktiken eta hizkuntza-ideologien arteko lotura eta elkarreragina aztertzea du, gaur egun, ikerketa ildo nagusi.
Ekintzan eta jardueran zentratutako gizarte mugimenduetan hausnarketarako tartea hartzeak duen garrantziaz ohartuta, Taupada jardunaldia da euskaltzaleen mugimenduak berrikuntzarako eta etorkizuneko estrategiak eta ekimenak pentsatzeko baliatzen duen tartea. Ekintza, jarduera eta gogoeta elkarri oso lotuta dauden elementuak dira. Ikuspegi horretatik bideratu nahi izaten da Taupadako egitaraua urtero norabideari buruzko hausnarketa, esperientzien transmisioa eta bizipenen kontakizuna uztartuz.