Euskaltzaleen Topagunea gauzak aldatzeko sortu zen, eta gauzak aldatzera doalako, III. kongresuaren ostean, bere izaera eta jarduna berrasmatzea erabaki du. Euskarak eta herri honek behar duten jauzia egin ahal izateko, mugimendu berritu bat irudikatu du, saretzeko eta eragiletzarako gaitasun handiagoa lortuko duena, eta herrigintzatik eta komunitategintzatik euskararen erabilera eta euskaltzaletasuna sustatzeko modu berriak asmatzen segiko duena.
Horrela, euskara elkarteen topagune izatetik euskaltzaleen mugimendu izatera igaro da, eta herri batzuetan jardutetik Euskal Herri osoan antolatzera. Mugimendura batzen diren euskaltzaleek euskararen alde ekarpena egiteko modu berriak izango dituzte, norbere aukera eta nahietara ahalik eta hobekien egokituko direnak, eta tokian toki antolatuta egon edo ez, nazio mailako euskaltzale mugimendu indartsuago eta zabalago bateko kide izango dira, herri proiektu ilusionagarri baten aldeko eragile.
2016 eta 2021ean egindako inkesta soziolinguistikoen arabera, nafarren %30 euskara sustatzearen alde dago; %33 ez dago ez alde ez kontra; eta %37 kontra dago. Aurkakotasuna areagotu izanak eragindako kezkak bultzatuta, eta jendartearen gehiengoaren aldekotasuna lortzea garrantzitsua delakoan, Euskaltzaleen Topagunea 2021ean hasi zen era planifikatuan lanean, ekarpena egin nahian.
Bi urteko lanketa egin zuen Nafarroa osoko euskaldunez osatutako talde batekin, eta kontraste saioak egin zituen euskaldunak ez diren herritarrekin, etorri berriekin, eta gizarte mugimenduetako kideekin. Horrela, Nafarroako herritarren artean euskararen aldekotasuna indartzeko diskurtso eta praktiken inguruko azterlan bat ondu zuen: Gero eta aldeko gehiago.
2023ko azaroaren 18an, Euskaltzaleen Topaguneak III. kongresua burutu zuen Arrasaten. Batera Jauzi Elkarrizketa Talde Eragileak proposatutako eraldaketarako baldintzak bere eginez, mugimenduaren datorren hamarkadarako lan ardatzak zehaztu zituen. Bazkideek aho batez onartu zuten Erabileraren arorako mugimendu berritua txostena.
3 lan ardatz lehenetsi ziren: mugimendu euskaltzale eraldatzaile, anitz eta sendoa izatea eta herritarrak ahalduntzea, nazio mailan zein tokian toki; euskal identitate askotariko, ireki eta inklusiboa sendotzeko, imajinarioa, diskurtsoa eta jokaerak berrikusi eta gizarteratzea; eta euskal hiztunak sortzeko eta sozializatzeko ekimenak plazaratu eta eragitea. Eta egiten dena bezain garrantzitsua denez egiteko modua, lehentasunezko jo zen harreman sare sendoak izatea askotariko eragile eta mugimenduekin, eta erabileran jauzi egiteko akordio sozio-politiko-instituzional berriak bultzatzea.
III. kongresuari begira, Euskaltzaleen Topaguneak hausnarketa prozesu bat sustatu zuen, ohiko eragin eremutik harago joateko nahiak gidatuta. 2022an, jendarteko arlo ezberdinetan dabiltzan eta euskararekiko harreman ezberdina duten kidez osatutako Elkarrizketa Talde Eragile bat eratu zuen, honako egitekoarekin: euskararen erabileran jauzi egin ahal izateko baldintzak aztertzea.
Talde honek Jendarte Laborategi bat gidatu zuen zazpi hilabetez, Aldaketa Teoria metodologia baliatuz; kontraste taldeak antolatu zituen gazteekin, gizarte mugimenduekin, etorkinekin, arlo ekonomiko eta instituzionaleko ordezkariekin eta euskaldunak ez diren herritarrekin. Saio hauen guztien osagarri, lurraldekako hausnarketa saioak eta hitzaldiak ere egin ziren.
Elkarrizketa Talde Eragileak ikuspegi sistemikoarekin jardun zuen, eta honenbestez, Batera Jauzi txostenean proposatu zituen eraldaketarako baldintzek Euskaltzaleen Topagunea bakarrik ez, euskal jendarte osoa interpelatzen dute.
Euskararen biziberritze prozesua berrikusi eta berrikasi ondoren, berrindartzeko eta jauzi egiteko sortu diren aukeren analisia eta estrategia proposamena plazaratu zuen Topalabe taldeak 2020an: Berrindartu eta jauzi. Topalabe taldeak gizarte sistema astintzeko eta haren funtzioa aldarazteko proposamenak mahai-gaineratu zituen. Borondate politikoa eta gizartearen zein entitateen aktibazioa gakotzat jo zituen, eta esparru ez-formalean eta arlo sozioekonomikoan eragiteko modua irudikatu zuen.