Haurrentzako etorkizun euskaldunagoa, gaurtik eraikitzen

Taupa euskaltzaleen mugimenduak Eusfera ekimena aurkeztu du, gaur, San Telmo museoan egindako agerraldian. Ekimenaren inguruko azalpenak Taupako lehendakari Irati Iciar eta ekimenaren koordinatzaile Jon Zapatak eman dituzte. Taupako kideekin batera, hezkuntza sektoreko hainbat kide, euskara elkarteetako ordezkariak eta guraso elkarteen ordezkariak ere izan dira, ekimenaren bat egin eta elkarlanean diharduten eragileak guztiak.

Eusfera, zehazki, 0 eta 12 urte bitarteko haurren unibertsoan eragiteko ekimen nazional berria da, gurasoen parte-hartze aktiboan oinarritua eta herriz herri antolatuko dena.

Ekimenaren leloak argi adierazten du ekimenaren helburua: unibertso euskaldunago bat gure haurrentzat. “Eusferaren helburua sinplea baina eraldatzailea da: haurren egunerokoan –aisialdian, kulturan, kirolean, etxeko hizkuntza-praktiketan eta erreferentzia sareetan– euskararen presentzia handitzea”, azaldu du Taupako lehendakari Irati Iciarrek.

Horrela Eusferaren bidez, eta gurasoekin elkarlanean, haurrengan eragin nahi dute, etorkizunean haur horiek eremu guztietan euskaraz egitea posibilitatzeko. “Haurrek inguruan entzuten eta ikusten dutenetik ikasten dute. Imitazioz ikasten dute, ez bakarrik hizkuntza bera, baita hizkuntza hori noiz, nola edo norekin erabili ere. Horregatik, gure egitekoa izango da haien ingurua osatzen duten elementuak euskaraz ere izan litezkeela erakustea”, azaldu du Iciarrek.

Lan horretan, gurasoen papera zentraltzat jotzen dute Taupakoek. Izan ere, 0 eta 12 urte arteko haur eta gaztetxoengan eragiteko ahalmen gehien duten sektorea dira. Eusferak adin tarte horretako guraso guztiei emango die parte-hartzeko aukera. Izan ere, gurasoen euskara maila edozein izanda ere ekarpena egiteko aukera eskainiko dio ekimenak.

Ekimena 2025–2026 ikasturte osoan zehar ari da garatzen, eta bere une gorena 2026ko maiatzaren 7tik 17ra izango da. “Hainbat herrirekin hasita gaude harremanetan eta hala nahi duten guztiekin lan egiteko prest gaude. Horrela, maiatza heltzean, Euskal Herri osoko herrietan, aldi berean, gauzatuko dugu ekimena; argi erakutsiz euskaraz bizi nahi dugula, euskaraz bizitzeko aurrerapausoak ematea posible dela eta etorkizun euskaldunagoa nahi dugula ere”, azpimarratu du Iciarrek.

Kezka partekatua oinarri

Eusferaren jatorrian hainbat herritatik zein eragilerengadik jasotako kezka dago, Taupak haiekin guztiekin partekatzen duen kezka. “Eskolaz kanpo, haurren inguruan erdara gero eta gehiago entzuten dela eta erabiltzen dutela sumatzen dugu. Eta tamalez, azken ikerketek norabide horretan goazela erakusten dute, gainera. Arrue ikerketak, esaterako, haurrek euskararen erabilerak jaitsiera nabarmena izan duela erakusten digu”, nabarmendu du ekimenaren koordinatzaile eta Taupako kide Jon Zapatak.

Egoera horri erantzuna ematera dator Eusfera. “Gaur egungo gurasoak inoizko belaunaldi euskaldunena dira, eta haiek dute haurren egunerokoan eragiteko gaitasun handiena. Baina ez da beti jakiten nondik hasi edo nondik jarraitu. Horregatik sortu dugu Eusfera: tresnak, baliabideak, espazio berriak eta elkarlana eskaintzeko.” Eusferaren baitan, alde batetik, gurasoek, norabanako gisa, “zer egin dezaket nire haurraren ingurua euskalduntzeko?” galderari erantzuteko bideak topatuko dituztela argitu zuen Zapatak, eta beste alde batetik, modu kolektiboan umeak eta gurasoak elkarrekin aritzeko guneak sortuko direla. “Elkargune horiek euskarak ardaztuko ditu, hitzaren erabilera derrigorrezkoa duten ekintzen inguruan antolatuko dira eta guraso eta umeen parte-hartzea bultzatzen duten ekintza erakargarriak izango dira”, azpimarratu du Zapatak.

Gurasoei zuzendutako ekimena izan arren, Eusferak ateak zabaltzen dizkie herri eta eragile guztiei euskararen mesedetan lan egin ahal izateko. Horrela, guraso elkarteak, euskara elkarteak, ikastetxeak, udal teknikariak eta ordezkariak, aisialdi taldeak eta herritar euskaltzaleak gonbidatuta daude tokian tokiko talde antolatzaileak osatu eta parte hartzera. Eusferak, gainera, dei zuzena egiten die herriei: “Haurren etorkizuna euskaraz irudikatzen baduzue, taldetxo bat sortu eta bildu Eusferara!”.

Parte hartu nahi duten herriek zabalik dute izena emateko aukera, gaurtik aurrera, www.eusfera.taupamugimendua.eus gunearen bidez. “Eusferak ez du herrietara proposamen itxia eramango. Eusferak baliabideak, tresnak eta espazioak sortzeko beharrezkoa duten guztia eskainiko die herriei eta herri bakoitzak berera moldatu ahal izango du”, azaldu du Zapatak.

 

 

Partekatu eduki hau >

Identifikatu edukietara sartzeko

Taupako kidea zara?

logo_TAUPA
Pribatutasunaren laburpena

Webgune honek cookieak erabiltzen ditu, ahalik eta erabiltzaile esperientziarik onena eskaini ahal izateko. Cookieen informazioa zure nabigatzailean biltegiratzen da, eta hainbat funtzio betetzen ditu, hala nola gure webgunera itzultzen zarenean zu ezagutzea edo gure taldeari webguneko zein atal aurkitzen dituzun interesgarrienak eta erabilgarrienak ulertzen laguntzea.