BIHAR: kontakizun eta praktika berrien premia hizkuntzen biziberritzean

Biziberritzen ari diren mundu osoko 40 bat hizkuntza komunitate lau egunez bildu ondoren, “Gure ahotsa, gure garaia, gure etorkizuna” adierazpenarekin itxi da Bihar kongresua. Larunbatean egin da bere irakurketa Bidasoaren gainean, Irun eta Hendaia lotzen dituen Zubi Txikian. Hizkuntza komunitateek elkarrekin ondutako manifestua izan da, bost hizkuntzatan irakurria. Manifestuak argi uzten du munduko hizkuntza gehiegi isilarazten ari direla, eta ez naturaren legeagatik, baizik eta desoreken, bazterketaren eta homogeneizazioaren ondorioz. Galera kontatzetik harago, etorkizuna aldarrikatzeko eta elkarrekin eraikitzeko deia egiten du: “Hizkuntzak ez dira iraganeko oroigarriak. Bizirik dauden komunitateen arnasa dira.”

BIHAR Kongresua Garabidek, Soziolinguistika Klusterrak, Taupa Euskaltzaleen Mugimenduak eta Plazara kolektiboak antolatu dugu elkarlanean. Bilbon, Irunen eta Hendaian izan da irailaren 23 eta 26 bitartean. Irekieran, Gorane Ayesta Maidagan koordinatzaileak nabarmendu du komunitate bakoitza errealitate ezberdin batetik datorrela, baina denak batzen dituela euren hizkuntzei arnasa eta bizitza emateko grinak. Gogoan izan ditu bisa ukatu zietelako etorri ezin izan duten Elias Caurey guarani komunitateko kidea eta Zubair Torwali Torwali komunitateko kidea.

Irailaren 24an eta 25ean, FICOBAn (Irun) izan da kongresuaren muina. Soziolinguistika Klusterreko Belen Urangak nazioarteko diagnostikoaren emaitzak aurkeztu ditu, biziberritze-diskurtsoak hiru dimentsiotan sailkatuta: sinboliko-identitarioa, politiko-eraldatzailea eta pragmatikoa. Taupako Irati Elizalde Komunikazio eta Hedapen arduradunak eta Onintza Olaizola herrigintza arloko arduradunak, berriz, nazioarteko diagnostiko hori Euskal Herriko askotariko eragileekin elkarbanatu ondoren jasotako ondorio eta ekarpenak azaldu dituzte. Horren ondotik, Aotearoako Rahera Cowie (maoria), Ekuadorreko Paolina Vercoutere Quinche (kichwa), Nepalgo Nabraj Lama (tamang), Varsoviako Unibertsitateko Justina Olko eta Hegoafrikako Toroga Breda (khoikhoi), besteak beste, aritu dira hizkuntzaren, identitatearen, justizia sozialaren eta osasunaren arteko loturez.

Irailaren 25ean, hirugarren jardunaldian, erresistentzia eta agentzia izan dira ardatz. Kurdistan, Kanada, Australia eta Indiako esperientziak entzun ziren Tahir Baykus, Lorna Wanosts’a Williams, Clayton Cruse, Barbara Filion eta Ganesh Devyren eskutik. Hizkuntza giza eskubide gisa aitortzeko beharra, ahozko transmisioa eta hizkuntza-politiken hutsuneak izan dituzte hizpide. Ondorengo mahai-inguruan, Anna Belewek, Mustapha el Adakek eta Michel DeGraffek aztertu dute komunitateen artean narratiba partekatu bat eraikitzea posible ote den. Ondorioztatu dutenez, giza eskubideen aldeko borroka eta errespetatuak izateko nahia dira komunitate guztiek partekatzen dituzten ezaugarriak.

Larunbatean, Joan Petit militante okzitaniarraren omenezko etxearekin egindako kalejira parte-hartzailearekin eta manifestuaren irakurketa eleaniztunarekin eman zaio itxiera Kongresuari. Gainera, hitzaldiekin batera, Hego Globaleko eta Euskal Herriko artisten emanaldiek osatu dute egitaraua, Hendaiako programazio kulturalarekin batera. Kongresuak iraun dituen egun bakoitzean 200 pertsona baino gehiago bildu dira.

Zein gizarte proiektu proposatzen dugu euskaratik?

Kongresuak hiru fase izan ditu: diagnostikoa, sozializazioa eta kongresua bera. Taupa bigarren faseaz arduratu da, nagusiki. Hau da, diagnostiko hori elkarrizketan jartzeaz Euskal Herriko askotariko eragileen aurrean. “Eta entzun egin ditugu: zerk egiten digu oihartzun? Zer zaigu arrotz? Zer falta zaigu? Eta, batez ere, zer elkarrizketa berri irekitzen dira nazioarteko diskurtso horiek gure esperientziekin gurutzatzen ditugunean?”, azaldu du Elizaldek.

Horretarako, 2026ko udaberrian Euskal Herrian zehar gogoeta-prozesu bat antolatu dugu. Bederatzi udalerritan 17 lan-saio egin ditugu, eta 100 lagun ingururen ekarpenak jaso ditugu. Baina kopuruak baino interesgarriagoa izan da, nor jarri dugun elkarrizketan. Euskalgintzako jendearekin batera feminismoan, ekologismoan, gazte mugimenduetan, migrazioaren eta antiarrazakeriaren eremuan, LGTBIQ+ mugimenduan, lankidetzan eta beste hainbat gizarte-eremutan ari diren pertsonak gonbidatu ditugu.
“Ez dugulako euskarari buruz euskalgintzaren barruan bakarrik hitz egin nahi. Diagnostikoak beste galdera bat egiteko aukera ematen digu: zer gertatzen da hizkuntza-biziberritzearen inguruko diskurtsoak beste borroka, esperientzia eta begirada sozial batzuekin gurutzatzen ditugunean?”.

Prozesua ekainean Biharko Taupadarekin osatu dugu, ordura arte agertutako hainbat hari ikuspegi intersekzionaletik sakontzeko. Beraz, sozializazioa ez da ikerketa baten emaitzak zabaltzeko ariketa hutsa izan. Kontraste- eta elkarrizketa-prozesua izan da.

Olaizolak bilera horietatik eta Taupadatik hainbat ondorio nabarmendu ditu: “Agian prozesu honek uzten digun galderarik emankorrena ez dela soilik zer diskurtso berri behar duen euskarak. Agian galdera beste hau ere bada: zer gizarte-proiektu proposatzen dugu euskaratik? Izan ere, kontakizun berriak ez dira sinesgarriak izango hitzak bakarrik aldatzen baditugu. Komunitate irekiagoaz hitz egiteak gure praktikak ere berrikustea eskatzen du. Justizia sozialaz hitz egiteak desberdintasun materialei begiratzea eskatzen du. Eta aliantzak aldarrikatzeak beste borroketan ere presente egotea eskatzen du. Eta hortxe ikusten dugu etorkizunerako lan-eremu emankor bat: euskara aniztasunarekin, berdintasunarekin, bizikidetzarekin eta komunitatearen etorkizunarekin lotzen duen proiektu partekatu gisa irudikatzea”.

[Aurkezpenaren bideoa, laster]
Partekatu eduki hau >

Identifikatu edukietara sartzeko

Taupako kidea zara?

logo_TAUPA

Résumé de la politique de confidentialité

Ce site utilise des cookies afin que nous puissions vous fournir la meilleure expérience utilisateur possible. Les informations sur les cookies sont stockées dans votre navigateur et remplissent des fonctions telles que vous reconnaître lorsque vous revenez sur notre site Web et aider notre équipe à comprendre les sections du site que vous trouvez les plus intéressantes et utiles.