Euskara biziberritzeko kontakizunak josiz Biharko Taupadan

Begirada intersekzionala izan du ardatz gaur Getxoko Romo Kultur etxean egindako Biharko Taupada jardunaldiak. Urtero Taupa euskaltzaleen mugimenduak antolatzen duen Taupada jardunaldia Bihar Nazioarteko Kongresuarekin uztartu da aurten, hortik sortu da Biharko Taupada jardunaldia.

Jardunaldian izan dira irailean egingo den Bihar Nazioarteko Kongresuaren lau antolatzaileak: Soziolinguistika Klusterra, Plazara, Garabide eta Taupa, eta baita jardunaldiaren babesle diren Getxoko udala, Bizkaiko Foru Aldundia, Euskarabidea eta Eusko Jaurlaritzako Hizkuntza Politikarako Sailburuordetza eta Lankidetzarako eta Elkartasunerako Euskal Agentziko ordezkariak ere.

Hizkuntzak biziberritzeko nazioarteko kontakizunen oihartzuna gurera ekarriz lelopean, Julene Samuel eta Manuel Moreno Taupako kideek Kongresuaren bigarren faseari itxiera eman diote. Sozializazio fasea deitu diogun honetan, Soziolinguistika Klusterrak egindako ikerketaren emaitzak euskalgintzarekin zein Euskal Herriko bestelako gizarte mugimenduetan inplikatutako eragileekin partekatu ditu Taupak 2026ko udaberrian. Guztira, hamar lan-saio bikoitz antolatu dira Euskal Herri osoan zehar, eta 100 eragiletik gora aritu dira ikerketa ezagutu eta ondorioen inguruan gogoetan. Julene Samuelek zeintzuk izan diren ikerketaren lau dimentsioak adierazi du: sinboliko-ekologikoa, politika eraldatzailea, balio pragmatikoa eta erantzukizun partekatuaren ardatza, zeharkako dimentsioa.

Ikerketa bera eta sozializazio saioetan jasotakoa, sakonago eta bere osotasunean irailean aurkeztuko da, 23tik 26ra bitartean egingo den Bihar kongresuan.

Euskara ikuspegi intersekzionalitatetik landuta

Atsedenaldiaren ondoren, Onintza Olaizola Taupako Herrigintza arloko arduradunak hartu du hitza, “euskaltzaletasuna ere modu berrietan pentsatzeko gonbidapena egiten digu ikuspegi intersekzionalak: ez nortasun itxi gisa, baizik eta gero eta jende gehiagok partekatu dezakeen konpromiso ireki gisa”, esan du.

Ikuspegi hori lantzeko, Miren Artetxe, Aritz Landeta eta Leo Bueriberik hitzartze bana egin dute eta feminismoaren, mugimendu ekosozialaren eta antiarrazakeriaren betaurrekoekin euskarari begiratu diogu.

Miren Artetxe EHUko irakasleak bere saioa hasi du esanez euskalgintzan intersekzionalitate ikuspegia egon badagoela, baina ez dela orokorra eta partekatzeko ez dagoela eremurik. Intersekzionalitatea landu nahi badugu, datuen banaketa soila egitea ez dela nahikoa ere gehitu du.

Aritz Landetak bere azalpena krisi ekosozialaren inguruko adierazpenak eginez hasi du. Dioenez, fokoa sintometan jarri behar da, eta sintomak eta kausak elkarrekin ulertu behar dira. Aipamen hori hizkuntzarekin ere lotu du: “energia merke eta ugariaren aroak dominazioaren eta gaitasunaren handitze bat dakar, bai gizakiaren dominazioarekiko eta bai globalizaziotik eratorritako dominazio kulturalekiko ere. Telekomunikazioaren garapenak, industrializazioak eragindako migrazio fluxuek, turismoak eta abarrek zapalkuntza egoeran dauden herri, kultura eta hizkuntzen egoera are gehiago kaskartzen dute”.

Leo Bueriberi azkena izan da hitza hartzen. Gasteiztarrak bizipen pertsonaletatik jo du batez ere, zer ote den ama hizkuntza, euskaldun zahar izatea, zer identitatea… Eta zirikatzaile aritu da bertaratutakoekin. Hizkuntzen bizikidetza ez dela Euskal Herrian bakarrik gertatzen den zerbait, eta askotan ez garela konturatzen.

Partekatu eduki hau >

Identifikatu edukietara sartzeko

Taupako kidea zara?

logo_TAUPA
Pribatutasunaren laburpena

Webgune honek cookieak erabiltzen ditu, ahalik eta erabiltzaile esperientziarik onena eskaini ahal izateko. Cookieen informazioa zure nabigatzailean biltegiratzen da, eta hainbat funtzio betetzen ditu, hala nola gure webgunera itzultzen zarenean zu ezagutzea edo gure taldeari webguneko zein atal aurkitzen dituzun interesgarrienak eta erabilgarrienak ulertzen laguntzea.