Tauparen bazkide diren zenbait elkarte eta udaletan Mintzapraktika taldeetan izena emateko epea zabaldu da gaur. Mintzapraktikak, funtsean, euskara taldean eta aisialdian praktikatzea nahi duten pertsonak biltzen ditu. Egitasmo honetan parte hartzeko, gutxienez, euskara ondo menderatzen duen pertsona bat eta hizkuntza praktikatu nahi duen lagun talde bat elkartuko da, modu boluntarioan eta adostutako maiztasunarekin elkarrizketan aritzeko.
Baina Mintzapraktika hori baino askoz gehiago da. Ingurune akademikotik kanpo euskara erabiltzen hasteko edo gehiago erabiltzeko aukera bat da, epairik gabe, ebaluaziorik gabe, testuinguru eroso eta atsegin batean. Jende berria ezagutzeko aukera bat da, harremanak euskaratik eta euskaraz eraikitzeko, gure ikuspegia zabaltzeko, komunitate handi baten parte izateko. Euskarari ematen diogun aukera bat da, ezin izan dugulako nahi beste hitz egin, gure buruari mugak jarri dizkiogulako, lotsa edo beldurra sentitu dugulako. Eta, zergatik ez, gure buruari ematen diogun aukera bat da..
Orain sarean ere
Taupak Euskal Herri osoko euskaltzale eta tokiko elkarteak saretzeko bokazioa du, eta, horregatik, egitasmoak ahalik eta jende gehienarengana hedatzeko ikuspegiarekin diseinatzen du bere eskaintza. Hori horrela, Mintzapraktika sarean egiteko aukera zabaldu dute ikasturte honetan. Horrela, bere herrian Mintzapraktika talderik ez duenak, aurrez aurre bertaratzeko zailtasunak dituenak edo atzerrian bizi den euskaltzaleak aukera izango du bere taldea sarean osatzeko, eta, nahi duenean, aurrez aurreko ekintzetara bertaratzeko.
Erronkari eutsiz!
Ekainaren 13an Iruñean ospatu zen Euskaltzaleon Martxan iragarri zuen Taupak, Euskalgintzaren Kontseilua osatzen duten gainerako bazkideekin batera, euskalduntzearen erritmoa bikoizteko erronka: datozen 10 urteetan, urtean 15.000 herritar baino, 30.000 euskalduntzea, euskararen erabilera % 15,3tik % 20ra pasatzea, Euskal Herriko hiru administrazioek hizkuntza politiketara bideratutako aurrekontua batez besteko % 0,45etik % 2ra igotzea eta euskara bere lurralde osoan ofiziala izatea, alegia.
Taupak bere jarduna erabileraren sustapenean kokatzen du bereziki, eta hori % 20ra igotzeko erronkari gogotsu heldu dio. Horretarako, Mintzapraktika egitasmoa gakoa da; izan ere, hiztunak ahalduntzen ditu, euskara eremu mugatu batetik bere bizitzako esparru guztietara hedatzeko, segurtasuna emanez eta bere erronka pertsonaletik haratago, erronka kolektibo bati ekarpena egiteko aukera eskainiz.
Izen ematea zabalik
Mintzapraktika talde batean izena eman nahi duen orok bere herriko euskara elkartean informazioa eskatu dezake edo sarean izena eman dezake hemen.